Autogestiorantz 20tu zaitez, Gasteizko Gaztetxea
Gasteizko Gaztetxeko 20. urtemuga prentsaurrekoa:
Gasteizko Gaztetxeak 20 urte betetzen ditu aurten, ez dira alperrik pasa. Milaka izan dira etxe hontatik pasa diren gazteak, ehundaka kontzertu eta hitzaldiak... Etengabeko lana izan da, etenik gabeko borrokak gorde ditu etxe honek eta nola ez, etenik gabeko mehatxupean.
Argi ditugu zergaitiak, etxe hau gizartea arautzen duen boterearekiko desadostasun batetik jaio zen, gaur zutik jarraitzeko arrazoi berdinak ditugu. Ez gaude ados hiria kudeatzen duten alderdiekin, gutxi batzuek gure bizitzetan duten erabakitzeko gaitasunarekin, inposaketekin. Berdin dio zein esparrutan, hizkuntzan, zein eskubide zibil eta politikoetan, etxebizitzan, hezkuntzan, kontsumoan, jai ereduan.... ez, ez gaude ados gure hiriak eta munduak orohar daraman norabidearekin. Baina haserre ez bizitzeko hautua egin genuen, beste askok munduko txoko desberdinetan bezala ta gure Gasteiz hontatik alternatibak eraikitzen hasi ginen. Eredu desberdin batean gure buruak hezitzeko txokoa okupatu zuten gure aurrekoek ta lekukoa belaunaldiz belaunaldi pasa da.
Gasteizko Gaztetexea desadostasun eta balore horiek konpartitzen dituzten hamaikoa kolektiboren aterpe da, ideologia ta helburu desberdinetakoak...guztien topaleku. Hori da 20 urte hauen zentzua ta ez besterik. Tarte hontan, kriminalizazioa, eraisketa mehatxua, poliziaren jazarpena eta epaiketak izan ditugu ordainean. 20 urtetako lanaren erantzuna instituzioen partetik alegia. Azkenengoa, erakusgarria da. Aurreko urteko hauteskundeetan egin zen ekintzan, gazte asanbladako 2 gazte atxilotu zituzten, datorren Apirilaren 22an epaiketa izango dutelarik. Ekimen hura Iruñerriako gazteekin elkartasuna adieraztea zuen helburu, gaztetxeen kontrako erasoak salatu eta batez ere Xabier Errea gaztearen askatasuna aldarrikatzea, euskal jaiko desalojoaren ostean espetxeratua izan zena. Guzti honengaitik 2 gazte hauek urte eta 8 hilabeteko espetxe zigorraren eskaripean aurkitzen dira orain.
Nolanahiko erasoak izan ditugunean izugarria izan da jasotako babesa, herri mugimendutik, auzokideengandik, musikari, idazle eta batez ere kaletarren babes beroa, hauek guztiak dira etxe hau zutik iraunarazi dutenak, gure lanaren euskarri. Benetan posible dela erakusten dugu, herritik sortutako proiektuak bideragarriak direla, eta horrek beldurra ematen die boteredunei, zoratzerainoko beldurra, gaztetxea udalaren obsesio bihurtu arte. Orain egoera lasaiago badago ere, argi utzi nahi digute haien planen menpe dagoela gaztetxearen etorkizuna, PERIarekin aurrera jarraitzeko asmoa dutela auzokideon eta bertako eragileon hitza kontuan hartu gabe. Ta gu, kontrako mezua azaldu nahi diegu, boteredunen etorkizuna Gasteizko jendartearen esku dagoela. Gu are antolatuago, are kontzientziatuago haiek geroz eta erabakitzeko gaitasun gutxiago. Geroz eta gazte asanblada gehiago, geroz eta herri mugimendu gehiago, geroz eta auzo elkarte gehiago, zilegitasun gehiago herritik sortutako proiektuentzat eta gutxiago instituzioentzat.
Badugu zer ospatua beraz, zutik eta lanean jarraitzen dugu eta etorkizunerako konpromezu berdina dugu bai guk gure buruarekiko, eta baita gasteizko jendartearekiko. Belaunaldiz belaunaldi 20 urte hauetako lekukoa pasaz. Ondorengo 3 astetan beraz bada zer ikasi, zer ikusi muinoko etxean, gonbidapena luzatu nahi dizuegu 2 hamarkada hauetako lana gurekin batera ospa dezazuen.
Hontaz gain gogorarazi nahi dugu, aurtengo urteurrena Hala Bedi irrati librearekin batera 2008 urte osoan zehar luzatuko dela, ta izango dugula aukera ekimen desberdinetan parte hartzeko beraz, adi ibili eta kalean ikusiko dugu elkar!!
AUTOGESTIORANTZ 20TU ZAITEZ
Gasteizko Gaztetxeko Gazte Asanblada.



